EUSKAL HIP HOP2009
EUSKAL HIP-HOP 2009
SARRERA
Hip-Hopa guztion ahotan dagoen hitza da. Badakigu, 80. hamarkada hasieran, New York hiriko auzo txiroetan jaio zela, reggae eta funk musiken eragin zuzenarekin eta denborarekin, adar desberdinak dituen zuhaitz oparoan bilakatu dela. Itzalean, ilunpean sortu bazen ere, munduko txoko guztietara zabaldu da, baita Euskal Herrira ere. Gurean, espainiar zein frantses estatuetan izan duen garapen azkarrak baldintzatu du eta, kostata bada ere, geroz eta ohikoagoa da gure kaleetan hip-hoparen zantzuak aurkitzea. Hip-Hop mugimenduak dituen adar desberdinen artean ordea, ahoz eta musikarekin egindako espresio bideak jasoko du orain gure arreta.

SELEKTAH KOLEKTIBOA, AITZINDARIAK
90. hamarkada hasieran Public Enemy taldearen garrasiak, munduko musikari ipurtarin askoren belarriak astintzen ditu. Euskal Herrian, Negu Gorriak, Danba, Bap, M-ak eta antzekoek hatzapar beltzaren zartada jaso eta raparen magiagatik erakarrita sentitzen dira. Ez zen ordea, hamarkada amaiera arte izango, euskaraz rap musika egiten duen lehenengo taldearen sorrera: Selektah Kolektiboa. Kaleratu zituen bi diskoekin (“Selektah Kolektiboa” (Esan Ozenki, 2000), “Esperientzien Etorbidetik (Metak, 2002)) eta emandako ehunka kontzertu eta sound systemekin, Euskal Herrian euskaraz egindako rap musikaren oinarriak jarri zituen. Atea zabalik zegoen beraz, eta hortik aurrera euskaraz abesten zuten rap talde eta abeslariak perretxikoak bezala haziko zirela uste bagenuen ere, ez zen horrela gertatu.
Zorionez, Iparraldeko Mak taldeak hartu zuen Selektah Kolektiboak utzitako testigua eta dagoeneko bi disko kaleratu ditu; “Suari Darion Kea” (Metak, 2005) eta “Suaren Garai Errauts Errekai (Autoekoizpena, 2007), azken honen erremixak biltzen dituen grabazioekin batera. Aldaketak bizi izan ditu taldeak eta orain, zuzenekoetan, betiko Dj Alf eta Ion abeslariarekin batera, Martxelo, Lo eta Xabi doaz musikari modura (lehenengo euskal rap banda).
Selektah kolektiboko partaide batzuk ere ekinean jarraitzen dute. Daddy Jeff abeslaria, Donostiako Dj Patarekin batera, abesti berriak grabatzen ari da eta urte amaierarako Elkar diskoetxearekin kaleratutako iraupen luzea esku artean izatea espero dugu. Selektah-ko DZ berriz, Fermin Muguruzarekin eta Esne Beltza taldearekin dabil Euskal Herriko zein mundu osoko eszenatokiak “eskratxeatzen”.
EZPAL BERRIAK
Euskara hutses kaleratutako rap disko gehiagorik ez badago ere, pauso garrantzitsuak eman dira bide horretan. Barakaldoko 121 Krew eta Bilboko Norte Apache taldeek diskoa kaleratu berri dute Musikherriarekin eta bietan euskararen presentzia nabarmena da. Bide horretan dabil ere Barakaldoko Maisha Mc abeslaria ere eta zuzenean erakusten duen trebezia ikusita euskara hutsez kaleratuko duen diskoa esku artean edukitzeko irrikan gaude.
EZPAL BERRIAK BANAN BANA
Zure burua aurkeztu ezazu:

Endika 121 Krew eta Maisha Mc, Zigor Dz eta Aritzekin. Korrika jaia...
121 KREW (www.myspace.com/121krewhiphop)
“2000 urtean jaio zen 121krew rap taldea Barakaldon eta Bilbon. Hasierako pausuak motzak eta nekagarriak izan ziren baina pixkanaka lortu egin dugu gure musika ahal den heinean jendeari zabaltzea. Dena den, helburu pilo bat ditugu oraindik betetzeko erreportai honetan agertzen diren beste taldeekin batera. 121krew-k 2006ean hasi zen seriotasunez kontzertuak ematen, hortik hona Euskal Herriko plaza askotan ta kanpoko bakar batzutan rap uhinak hedatzen ibili dira taldearen partaideek, ikuskizunetan erritmo biziak, euskaraz ta gazteleraz egindako hitzak, eta beatbox-a batzen dutelarik”.
NORTE APACHE
“Norte Apache Gaizkak eta Raycok sortu zuten 2007 urtean. Bi MC hauek bakoitza bere kabuz ibili ziren euskarazko rap musika egiten, euren indarrak batu zituzten arte. Egun haietan, ez zegoen rapa euskaraz egiten zuen MCrik,eta musika estilo hau goratzeko helburuari begira lanean jarri ziren.
Iaz, Gaizkaren joanarekin batera, bi taldekide berri ailegatu ziren taldera: Aitor (DJ) eta Ibon (MC). Zuzenekoak hobetuz doaz eta ia astebururo kontzertuak dituzte. Horrez gain, Aritz Sound Systemekin batera joaten dira sarritan Euskal Herriko txoko orotatik euskal rap musika zabaltzen.”

Norte Apache.
MAISHA MC
“Maisha MC a.k.a. Sweet Maisha Delicious, Barakaldoko MC eta beatmaker euskalduna da. 121 krew-eko partaidea eta kolaboratzailea. Aritz Sound System-ren show-etako MC-a. Bertsound System-en (hip hop eta bertsolaritza fusionatzen duen espaktakuloa) ere MC lanak egiten ditu, Xabier Silveira bertsolaria, Zigor DZ, Daddy Jeff , Norte Apache etabarrekin. Euskal Herria osotik 50 kontzertu baino gehiagotan hartu du parte. Euskaraz rapeatzen eta inprobisatzen duen MC gutxienetarikoa da.
Irratian ere esperientziak ditu. Tas-tas irrati librearen kolaboratzailea da "121 ahotsik gabekoen ahotsa" irrati saioan, zeinean kaleko albisteak rap doinuan jorratzen diren.
EH3(Euskal Herriko Hip Hop)ren partaidea. Bizkaia inguruko hainbat artisten lanetan kolaboratu du bere musika edota ahotsarekin.
Bere estudioko lehen lana grabatzen ari da SinZensuraRecords estudioetan. Coming soon, laztana! Gora Baraka, behera Neguri!”
EUSKARAZ KANTUREN BAT DUTEN EUSKAL HERRIKO RAP TALDEAK
Hauek dira guk ezagutzen ditugunak behintzat. Hemen azaldu ez eta euskaraz ari diren rap talde zein abeslariak ezagutzen badituzu, informazioa helaraztea eskertuko genizuke.
A DURAS PENAS (www.myspace.com/aduraspenas)
Hernaniko taldea. Partaideak: Galgo, Ethos, Pau_lee, Jess eta Dj Yeyo.

Josu Ethos eta Adrian Galgo, Daddy Jeffekin batera, Kampsa gunean.
Info gehiago: HEMEN
ZTK (www.myspace.com/ztkrap)
“2006. urtean Atarrabian (Nafarroa) sortu zen rap taldea dugu ZTK Rap. Talde hau, Bisu, Aaron MC, Subi eta DJ Paik –ek osatzen dute. Bi lan edo maketa kaleratu dituzte orain arte: “ESTO ES ZOKOTROKO” (2007. urtean), eta orain berri kaleratu duten “MALAS LENGUAS DICEN” (2009ko maiatzean), azken lan hau askoz ere helduagoa eta landuagoa. ZTK rap-en bereizgarritasun nagusiak, beren zuzeneko indartsuak eta beste taldeekin konparatuta egiten duten rap ezberdina (betiko raperoen estereotipoetatik urrun) dira.”
RPV (www.myspace.com/moltorpv)
“2006 aldera bi txotxolo bildu egin ziren uda bero batetan,Doctor J eta Tormentas Mc (betidanik),idazten zituzten gauzak batak besteari abesten zuten,biak batera abestiak egin hasi ziren arte,hemendik gutxira Magic Moltorekin (betidanik baita ere)hirukotea osatu zuten.Abestiak egiten hasi ziren batera eta banaka eta bi kontzertu eman zituzten RPV (reales de por vida)izenarekin.Hilabete gutxira bere laugarren kidea sartu egin zen,Angel, zeinek taldeari bilatzen zuten puntua eman zion.4ak batera killotynaren instrumentalekin abestiak egiten hasi ziren, abesti hauek bere maketan aurkituko ditugu, 23 abestiz osatutako maketa. RPV”
GAUTXORI (www.myspace.com/venividivici7)
“Iruñeako abeslaria. Pop kutsuko base instrumental gainean 80. amarkadako rap estiloa gogoratzen duen abesteko era.”
RAPEROS DE EMAUS (www.myspace.com/raperosdeemaus)
“Dena Barañaingo Jaietan hasi zen Igande batean, 3 mozkor eta megafono 1 ... ta hurrengo urtean egi bihurtu zen 2005 urteko Jaietako txoznetan, sanferminetan segitu zuen mikro 2 eta bateria batekin eta "raperos de emaus" en bukatu zen, emauseko raperoak, emausko trapuketariak, nork daki zein den itzulpen zuzena ...”
INDARRAP (www.myspace.com/indarrap)
“2007ko urte amaneran sorturiko taldea izan arren, denbora labur honetan eskainitako zuzeneko indartsuak eta euren abestietan aurkitzen diren erabateko hitzek, ez dute inor noraezean utzi, taldearen sona txoko guztietatik zehar zabalduz.”
DAS KEKEN (www.myspace.com/daskeken)
Keke Gasteizko rap abeslaria da.
BASQUE RAP CONSPIRACY (www.myspace.com/basquerapconspiracy)
Itzaletik mantentzen den euskal rap konspirazioa.
ADE+FLOW (www.myspace.com/ademasflow)
N’KO ECO eta JACKIE abeslariek Durangon 1999. urtean sortutako taldea.
OHARRA: Erreportai hau 2009 urtean kaleratu zen baina aldaketa asko eman dira. Orduz geroztik beste erreportaiak idatzi dira euskal Hip-Hop mugimenduari buruz. Hauek adibidez:
-------
DESPIEZEA 1
Hip-Hop gunea Kilometroak 2009 jaialdian, Donostian.
IRITZIA
HIP-HOPA EUSKALDUNA DA
Aurten Gipuzkoako ikastolen festa, Kilometroak jaia, urriaren 04ean ospatuko da Donostian. Ohikoa denez, oinez egin beharreko ibilbidea edukiko du eta ibilbide horretan zehar, ekitaldiz jositako guneak. Aurten, lehen aldiz (guk dakigula behintzat), Hip-Hopari garrantzi berezia emango zaio horietako gune batean, eta bertan, Hip-Hop izeneko zuhaitz handiaren adar desberdinak ezagutu ahal izango dira. Goiz partean, graffiti, scratch eta break dantza tailerrak egingo dira eta, nahi duenak, espresio bide horien oinarrizko ezagutza jasotzeaz gain, modu aktiboan parte hartzeko aukera izango du. Eguerditik aurrera berriz, adar horietan ari direnen erakustaldiak ikusi eta entzun ahal izango dira (Bertsounda tartean). Hip-Hop dantza eta rap lehiaketak ere antolatu dira, mundu honetan interesa dutenek baina jende aurrean erakustaldiak egiteko aukera gutxi dutenek, urriaren 04ean, saioa eskaini dezaten. Rap lehiaketaren kasuan, euskaraz egindako rapa bultzatu nahi da, rap musikan interesa dutenek euskaraz abestera animatu daitezen. Bai rap eta baita Hip-Hop dantza lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta informazio guztia www.kilometroak.net orrian aurki daiteke.
121 Krew.
Euskalgintzatik Hip-Hopari horrelako garrantzia ematea aurrerapauso handia iruditzen zaigu. Kanpotik heldu zaizkigun eragin asko mesfidantzaz ikusi izan dira eta, egia esan, euskarak historian zehar jaso dituen erasoak ikusita (gaur egun jasotzen dituenak ere), ez da harritzekoa. Duela gutxi arte, Hip-Hopa arrotza izan da gure artean; ingelesarekin, gaztelerarekin eta frantsesarekin erlazionatu izan da eta euskararentzat mehatxu bezala ikusi izan da leku askotan. Hip-Hopa, ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da, tresna, eta horretarako, bitarteko desberdinak erabiltzen ditu: Rap musikak, doinu, erritmo, errima eta letren bitartez, ahozko espresioa adierazten du, kantatzeko eta musika egiteko modu berezia (scratcharen teknikak lagunduta). Break dantzak gorputzaren espresioa ahalbideratzen du. Graffitiarekin, idei eta sentimenduak, irudi bihurtzen dira. Espraiaren teknika erabiliaz panel edo paretak orri zuriaren papera jokatzen dute. Hip-Hopa edozein hizkuntzatan adierazi daiteke eta euskarak ezin du horrelako tresna baliotsua baztertu. Gustatu ala ez, Hip-Hopa gure artean dago eta oso erakargarria da. Hip-Hopa, normaltasun osoz, euskararen tresna izan dadin bitarteko guztiak jarri behar ditugu. Ez diezaiogun euskarari muga gehiago jarri.
ARITZ SOUND SYSTEM
--
DESPIEZEA2
Endika 121 Krew vs Xabier Silbeira Egiako Bukowskin.
BERTSO-RAP SOUND SYSTEM
Bertsolaritza Euskal Kulturaren parte garrantzitsua da. Urteetan, hitzak, errimak eta melodiak Euskal Herriko plaza eta txoko askotan gure izaeraren erakusle izan dira. Kultura desberdinen arteko harremanak, baketsuak izan direnean behintzat, aberastasuna ekarri diete herriei. Oraingoan, Euskal Herrian sortutako bertsolaritza, AEBetako auzo afroamerikar txiroetan sortutako hip-hop mugimenduarekin eta Jamaikako reggaearekin uztartuko ditugu. Zer aterako ote maitasun harreman honetatik?
AZALPENA
Bertso Rap sound system izeneko egitasmoan bertsolaritza eta hip-hop mugimenduaren arteko harremana zirikatu nahi dugu. Jatorri oso desberdinak izanda ere, komunean osagai asko dituzte bi kulturak. Biek erabiltzen dute hitza gauzak adierazteko, biek dute errima eta biek goxatzen dute hitza melodia eta erritmoaren bitartez. Bertsolari-rapeatzailearen trebezia ezinbestekoa da.
ARITZ SOUND SYSTEM



